Erretiroa
Erretiro garaia aldatu egin da azken urteetan. Bizi itxaropena luzatu egin dela eta, ez da harritzekoa erretiratu ondoren 20 urteko bizialdia edukitzea oraindik aurrean; beraz, osasunak lagunduz gero, denbora luzea dago bizitzaz gozatzen segitzeko…
Baina, zer bilakaera izango du gure pentsio sistemak?
Bizi itxaropenaren luzapen progresiboak handitu egiten du sistema publikoak ordaindu beharreko pentsioen zenbatekoa; gainera, zaila da kotizazio sozialak igotzea; hori guztia dela eta, seguruenik doikuntza berriak egin beharko dira sistema orekatzeko.
Zergatik egin dezake behera pentsioaren zenbatekoak datozen urteetan?
3 faktore hauek izango dira oinarri arautzailea zuzenduko dutenak:
- Kotizatutako urte kopurua, kontuan harturik 2017tik aurrera, kotizatutako 38 urte eta 6 hilabete beharko direla oinarri arautzailearen %100 eskuratzeko eskubidea izateko. 2012an eskatzen ziren 35 urteetatik 2027an eskatuko diren 38 urte eta 6 hilabete horietaraino, trantsizio aldi gradual bat aplikatuko da.
- Erretiro aurreratua eskuratzen deneko adina, aurreratutako hiruhilekoen arabera kasuan kasuko murrizketak aplikatuz.
- Sostengarritasunaren faktorea: erretiroaren hasierako pentsioaren zenbatekoari aplikatzen zaion zuzenketa, herritarren bizi itxaropenaren arabera. 2019an aplikatzen hasiko den irizpide honen bidez, pertsonek antzeko baldintzetan baina une desberdinetan izango dituzten pentsioen zenbatekoak harmonizatu nahi dira, urteen joanean pentsioak gero eta luzaroago kobratuko dira eta.
Etorkizuneko erretiratuek oraingoek baino %28 gutxiago kobratuko dute batez beste eta langile autonomoen kasuan, %40 gutxiago kobratzera iritsiko dira batzuk; oraingoaren antzeko bizi mailari eusteko soluzioa, beraz, epe luzera aurreztea da.
Gizarte Segurantza
Estatuak Gizarte Segurantzaren sistema darabil langileei –eta baita langile ez direnei ere, baldintza batzuk betetzen badituzte– behar bezalako babesa bermatzeko honako egoera hauetan: osasun laguntzan, aldi baterako ezintasunean (gaixotasuna edo istripua), langabezian, erretiroan, alarguntasunean, zurztasunean eta bestelako prestazio ugaritan, hala nola amatasun eta aitatasunean, beste askoren artean. Prestazio desberdin horiek direla eta, gure soldataren portzentaje batzuk zerbitzu horiek ordaintzera bideratzen dira. Kontzeptu hau argitzeko, 2015ean Gizarte Segurantzari egindako ordainketen taula ikusiko dugu:
Kontzeptua | Enpresak ordaintzen duen % | Langileak ordaintzen duen % |
---|---|---|
Soldatak bermatzeko funtsa (Fogasa) | %0,20 | |
Lanbide heziketa | %0,60 | %0,10 |
Langabezia (tasa orokorra) | %5,50 | %1,55 |
Kontingentzia arruntak | %23,60 | %4,70 |
Kontzeptu horiek guztiak kotizazio oinarri baten gaineko portzentaje gisa ordaintzen dira. Oinarria behar bezala adierazten da gure nominan, eta funtsezkoa da, gure pentsioa zehaztuko baitu. Kotizazio oinarria, berez, jasotzen dugun ordainsariari lotuta dago, baina ez dator bat zehatz-mehatz gure soldata gordinarekin, bertan sar daitezkeelako, esate baterako, jasotzen ditugun aparteko ordainsarien zenbateko hainbanatuak (hau da, zenbatekoa banatu egiten da ordainsari edo paga hori sortu duten hilabeteen artean). Jasotzen ditugun beste kontzeptu batzuek –haborokinak, kasu– ez dute Gizarte Segurantzan kotizatzen eta, beraz, ez dute gure kotizazio oinarria handitzen. Kotizazio oinarriek gutxieneko eta gehieneko bana daukate, eta horiek urtero eguneratzen dira Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen bitartez (hona hemen 2015erako ezarri zen gehienekoa: 3.606,00 euro hileko).
Zenbateko hori baino gehiago jasotzen dutenek gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen dute, alegia, taulako portzentajeak gehieneko kopuru horren gainean aplikatzen dituzte.
Pentsioak: kotizazioak, zergak eta atxikipenak
Lan merkatuan lanean hasi eta lehenengo nomina kobratzen dugunean, gure soldataren zati handi bat murriztu egiten dela ikusten dugu: une horretan bi kontzeptu deskubritzen ditugu, alegia, antipatikoak gertatzen zaizkigun arren, gizarteak ondo funtzionatzeko beharrezkoak diren eta hezkuntza nahiz osasun arloko prestazioak –beste askoren artean– eta baita etorkizunean jasoko ditugun prestazioak ere bermatzen dizkiguten bi kontzeptu: Gizarte Segurantzako kotizazioak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak.
Zer dira? Kotizazio sozialak, bai langileek bai enpresek Gizarte Segurantzari edo antzeko erakunde bati (esaterako, mutualitateak) derrigorrez egin beharreko ordainketak dira. PFEZn ordaintzen dugunarekin gertatzen denaz bestela, prestaziook oso ondo zehaztuta daude eta, barne hartzen diren kontzeptuen artean, aldi baterako gaixotasun bat estaltzea, langabezia, pentsio bat kobratzea eta halakoak daude. Soldatapeko langileak bagara, bai langileak bai enpresak egingo dute ekarpena; autonomoen kasuan, berriz, langileak berak bakarrik.
Gure etorkizuneko pentsioa ez dute ordaintzen ditugun zergek zehaztuko, baizik eta Gizarte Segurantzari egiten dizkiogun kotizazioek edo ordainketek.
PFEZaren gainerako atxikipenak, izatez, zerga horren aurrerakinak dira. Inoren kontura lan egiten baduzu, PFEZaren gaineko likidazioan ordaindu beharko duzunaren kalkulua egingo du zure enpresak, kontuan harturik, batez ere, zer soldata daukazun eta zein den zure familia egoera; esaterako, ea seme-alabarik daukazun zure ardurapean. Hala, zure nomina totalaren gaineko portzentaje bat atxikiko dizu, eta Ogasunari aurreratuko. Zeure konturako langilea bazara (autonomoa), ordaintzaile batzuek portzentaje finko bat atxikiko dizue (gaur egun %19, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera %18). Ondoren zure behin betiko likidazioa aurkeztu beharko duzu, eta atxikipenen zenbatekoa ordaindu beharreko totaletik deskontatuko da; gehiegizkoa, berriz, itzuli egingo da. Halako zergen xedea Estatuaren eta autonomia erkidegoen gastu orokor eta askotarikoak ordaintzea da.
Kotizaziopeko eta kotizazio gabeko pentsioak
Kotizatzen gutxieneko urteak egin badituzu eta erretiro adinera iritsi bazara, kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskubidea izango duzu. Aldaketek aldarazi egin dezakete kotizaziopeko pentsioa; horren erakusgarri da erretiro adina, zeina, azken erreformaren bidez, goraka baitoa pixkanaka, 65 urtetik hasi eta 2027an 67 urtera iritsi arteraino.
Gutxieneko kotizazioari dagokionez, gutxienez 15 urtean kotizatu baduzu (horietako 2 gutxienez azken 15 urteetan), oinarri arautzailearen %50en pareko pentsio bat jasotzeko eskubidea izango duzu. Kalkuluari dagokionez, oinarri arautzailea azken urteetan kotizatutakoaren (18 urte 2015ean, 216 hilabete) eta zenbaki handiago baten (252 hilabete 2015erako) arteko zatidura da. Zifra hori handituz joango da 2022 urtera arte, alde batetik, kotizazioan 12 hilabete gehituz (zatikizuna) eta zatitzailean 14, urte horretan azken 300 hilabeteetako (25 urte) kotizazioen baturara iritsi eta kopuru hori zati 350 egin arte. Horrek esan nahi du oinarri arautzailea beti izango dela kotizatutakoa baino gutxiago, eta urtetik urtera kopuru hori txikiagoa izango dela. Hori guztia portzentaje baten bidez eguneratzen da. Zenbat eta urte gehiago kotizatu, portzentaje hori handiagoa izango da, harik eta %100era iritsi arte, exijitutako gutxieneko urteak lan egin izanagatik.
Zer gertatzen da ez baduzu exijitutako gutxienekoa –15 urte– kotizatu eta, ondorioz, kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskubiderik ez badaukazu? Gutxieneko urteak egin ez badituzu –eta are inoiz kotizatu ez baduzu– eta zure iraupena ziurtatzeko baliabiderik ez baduzu, kotizazio gabeko pentsio bat jasotzeko eskubidea eduki zenezake. Autonomia erkidego bakoitzeko organo eskudunak arduratzen dira halako pentsioen kudeaketaz (Ceutan eta Melillan bizi direnentzako izan ezik, han IMSERSO arduratzen baita).
Erretiro aurreratua
Langilea izanda, eta betiere zeuk hala nahita, legezko gutxieneko adinera iritsi aurretik, baina bi urte lehenago gehienez ere, erretiratzea erabaki dezakezu. Hau da, gaur egun 63 urterekin erretira zaitezke; eta 65ekin erretiro adinaren luzapena 2027an amaitzen denean. Horretarako, 35 urte eduki behar dira kotizatuta, eta horietako bi gutxienez azken 15 urteetan. Baina erretiro aurreratuak badu bere kostua: pentsio txikiagoa jasotzea. Zenbat eta lehenago erretiratu (betiere bi urte lehenago gehienez ere), gutxiago jasoko duzu; arau orokor gisa, %2 gutxiago hiruhilekoko.
Erretiro aurreratua ez da nahastu behar beste bi kontzepturekin. Lehenik eta behin, zenbait lan eta jarduera arriskutsutan (esaterako, meatzaritza) erretiro adina adin orokorraren azpitik dabil. Bestalde, aurre erretiroarena kontzeptu erabat desberdina da. Kasu honetan, enpresa bera da langilearekin akordio bat adosten duena, zeinaren bitartez kapital bat edo hileko kuota bat ordainduko baitu, kotizazio sozialez gainera, harik eta legezko erretiro adina iritsi arte. Azkenik, nahitaezko erretiro aurreratua ere gerta daiteke, hain zuzen ere, enpresak arrazoi ekonomikoengatik aplikatzen duenean Enplegua Erregulatzeko Espediente baten bidez. Kasu honetan, langileak erretiratzeko derrigorrezko adina baino 4 urte gutxiago eduki behar du gutxienez.
Erretiroa eta enplegua, noiz eta nola uztartu biak
Arau orokor gisa, Gizarte Segurantzako kotizazioa dakarren edozein jarduera edo enplegutan badiharduzu, pentsioa jasotzeari uzten diozu. Badira salbuespen batzuk:
Lehenik, hor dago erretiro partziala: erretiro partziala gerta daiteke, adibidez, langile batek 60 urte baino gehiago daukanean eta, lana murriztu ondoren, lanaldi partzialean hasten denean, eta kobratzeari uzten dion portzentajea pentsio batekin osatzen duenean. Esaterako, bere lanaldia %25era murriztu eta oinarriaren %75eko pentsioa kobratzen du, hori guztia erretiro adina iritsi arte, orduan lanari behin betiko utziko baitio.
Hor dago, halaber, erretiro malguaren kasua: erretiro partzialaren kontzeptuaren antzekoa da, baina alde handi batekin: lehenengoa erretiro adina baino lehen gertatzen da; bigarren hau, berriz, behin erretiratuta zaudela. Kasu honetan, lanaldi partzialeko lana eta erretiroa uztartzen dira; hala, erretiroari kendu egiten zaio enplegu ordainduak hartzen duen portzentajea. Adibidez, %50eko lanaldi partzialean lan eginez gero, pentsioa %50 murrizten da.
Azkenik, pentsio bat jasotzea bateragarria da norberaren konturako diru sarrerekin (adibidez, autonomoek egiten dituzten enpresa nahiz lanbide jarduerak), baldin eta sarrera horiek lanbide arteko gutxieneko urteko soldata –2015erako, 9.080,40 euro– gainditzen ez badute.
Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa
Pentsioak eta kotizaziopeko beste prestazio batzuk, ikusi dugunez, kotizazio sozialekin estaltzen dira. Zer gertatzen da gastu guztiak ordaindu ondoren dirua sobera geratzen bada? Espainian horixe gertatu zen 2000. urteaz geroztik. Hori dela eta, Erreserba Funtsa eratu eta, sobera geratutako kopuruak bertan jarrita, produktu seguruetan inbertitu (esaterako, zor publikoa) eta, era berean, sarrera gehigarriak sortzen ziren. Ekarpenen eta sarreren bidez, Erreserba Funtsak bere gehieneko kopurua jo zuen 2011. urtean: 66.815 milioi euro. Aurreko urteetan hasitako krisiaren eta langabezia tasaren hazkundearen ondorioz, kotizazioek behera egin zuten nabarmen; hala, kotizazioekin ezin izan ziren ordainketa konpromiso guztiak bete.
Milioika euro erretiratu behar izan ziren ordainketei aurre egiteko, bereziki ekainean eta abenduan, udako eta Gabonetako aparteko ordainsarien datekin bat etorriz. Hala, 2015eko ekainean, Erreserba Funtsa 39.520 milioi eurora jaitsi zen.
Zer gertatuko da funtsa bukatzen bada? Ekonomiaren helburu nagusia zera da: enplegua areagotzea eta, horrekin batera, kotizazioen sarrerak handitzea. Baina oreka berreskuratzen ez bada eta Erreserba Funtsa bukatzen bada, epe luzerako bideak topatu beharko dira, esate baterako, kotizazioak igo edo pentsioen zenbatekoa jaitsi; eta bestela epe laburrerako bideei ekin; esaterako, aparteko kredituak lortu ordainketei aurre egin ahal izateko.