APA (Aurreikuspen Plan Aseguratua)

Aurreikuspen Plan Aseguratuak (APA) diru sarrerak osatzea dute xede, behin asegurudunak erretirora iritsi direnean. Borondatezko aurreikuspeneko banakako bizi aseguruak dira, eta helburu hau daukate: kapital bat modu seguruan eratzea; hori dela eta, pertsona kontserbadoreei nahiz erretiroa gertu daukatenei orientatuta daude, eta halakoei gomendatzen zaizkie.

Pentsio planen aldean daukaten alde nagusia hauxe da: mugaeguneratutakoan, legez, errentagarritasun konkretu bat bermatu behar dute.

Aurreikuspen Plan Aseguratuek (APA) %100ean segurtatutako erretiro bat edukitzea ahalbidetuko dizute, finantza merkatuen bilakaeraren menpe egon barik. Pentsio plan hau ezin hobea duzu arrisku finantzariorik hartu nahi ez baduzu, Gizarte Segurantzaren pentsioen prestazio sistema osatzen du eta. Ondorioz, APAen prestazioak, pentsio planen prestazioekin gertatzen den bezala (biak ere antzekoak izaki), pribatuak dira, eta, hala balegokio, Gizarte Segurantzatik jasotakoen osagarriak (inoiz ere ez ordezkoak).

Baldintzak

  • Interes berme bat eskaini beharko dute nahitaez (horixe da pentsio planen aldean daukaten diferentzia nagusia, izan ere, pentsio planak zer aktibotan inbertitzen diren eta aktibook zer portaera daukaten, horren mende egongo baita pentsio planen errentagarritasuna) eta teknika aktuarialak erabili.
  • Polizaren baldintzen artean, berariaz eta nabarmenki jaso beharko da Aurreikuspen Plan Aseguratua izena, eta izena eta siglak (APA) soil-soilik Legeak xedatutako baldintzak betetzen dituzten kontratuetarako gordeko dira.

Kontingentziak

APAen estaldura nagusia erretiroa izan beharko da. Erretiroa gertatutzat joko da partaideak egiazki eskuratzen duenean erretiroa Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean, izan adin arruntarekin hartutakoa, izan erretiro aurreratua edo izan gerora hartutakoa. Edonola ere, modu osagarrian, pentsio planetarako xedatzen diren gainerako kontingentziak estali ahalko dituzte, hots: ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa, lan orotarako ezintasun absolutua, eta ezintasun handia; heriotza eta mendekotasun larria edo mendekotasun handia; likidezia kasu gehigarriez gainera (gaixotasun larriak, iraupen luzeko langabezia eta etxebizitzaren enbargoa).

Ekarpenak

Ekarpenak egiteko malgutasuna erabatekoa da:

  • Zenbatekoari dagokionez, partaideak ezarriko du kopurua, eta libre izango da aldatzeko.
  • Periodikotasunari dagokionez, aldizkako ekarpen gisa ezar daitezke, edo ohiz kanpoko eran egin, nahierara.  Era berean, edozein unetan eten eta berrezar daitezke. Hala ere, badira muga finantzario batzuk urteko ekarpenaren zenbatekoa mugatzen dutenak.
    • Muga hau batera aplikatzen zaie bai partaidearen zuzeneko banakako ekarpenei bai enplegu sistemako planen sustatzaileek beren langileen alde egindako kontribuzioei.
    • Modu osagarrian, muga finantzario hauek batera aplikatzen zaizkie pentsio planei, APAei, BGAEei eta gizarte aurreikuspeneko sistemei; horien artean: mutualitateei, mendekotasun aseguruei eta EGAPei (Enpresako Gizarte Aurreikuspeneko Planak).

Mugikortasuna

Ekarpenen ondoriozko eskubide ekonomikoen lekualdaketa, gutxieneko interes bermea eta dagokion aurreikuspen plan aseguratuak aplikatzen duen kapitalizazio erregimen finantzario-aktuariala. Aurreikuspen plan aseguratuen hartzaileek, aldebakarreko erabakiz, beren eskubide ekonomiko guztiak edo zati bat mobilizatu ahalko dituzte, kostu ekonomiko edo fiskalik gabe, beste aurreikuspen plan aseguratu batera –zeinean beraiek izango baitira hartzaileak–, edo bestela pentsio planetara nahiz Enpresako Gizarte Aurreikuspeneko Planetara (EGAP); era berean, pentsio planetatik eta EGAPetatik APAetarako mobilizazioak ere egin ahalko dira. Behin kontingentzia eskuratuta, mobilizazioa soilik egingo da planaren baldintzek horretarako aukera ematen badute.

Mobilizazioaren zenbatekoa aseguruaren hornidura matematikoaren parekoa izango da, eta ezin izango da penalizaziorik, gasturik edo deskonturik aplikatu. Hornidura matematikoa baloratzeko, jatorrizko aseguru erakundeak behar den dokumentazioa jasotzen dueneko data hartuko da oinarri gisa. Aseguruak inbertsio esleituekin kontratatu badira, mobilizatu beharreko hornidura matematikoaren balioa aktibo esleituen merkatu balioa izango da, kontuan harturik balio hori aldatu egin daitekeela finantza merkatuen gorabeheren arabera.

Estatuak aurrezpen pribatua sustatzen du; horretarako, abantailak aplikatzen ditu zenbait produkturi ekarpenak egiten zaizkionean. Hona hemen halako produktu batzuk:

  • Banakako Pentsio Planak (BPP)
  • Aurreikuspen Plan Aseguratuak (APA)
  • BGAE – Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (Euskal Autonomia Erkidegoa)

Ekarpenen araberako abantaila fiskalak

Lurralde komuna

  • Ekarpenen muga: 8.000 euro.
  • Murrizketa muga: errendimenduen %30.
  • Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.500 euro

Euskal Autonomia Erkidegoa

  • Ekarpenen muga partaideko: 5.000 euro.
  • Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.400 euro

Prestazioak kobratzea

Iritsi da erretiroa hartzeko unea, eta iritsi da, baita ere, nire aurrezkia eskuratzeko unea. Dirua pentsio plan batean, aurreikuspen plan aseguratu batean (APA) edo BGAE batean (%40 salbuetsita kapital gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmena) metatutako aurrezkitik badator, prestazioa jasotzea lan etekintzat joko da PFEZn eta hainbat modutara jaso ahalko da; hala ere, modu batera edo bestera jaso, inpaktu fiskala oso desberdina izan daiteke:

  • Kapitala: metatutako funts osoa izango duzu erabilgarri.
  • Errenta: zure beharretara egokituko den errenta bat kontratatzeko kapitala izango duzu. Kasu honetan, errenta finantzario baten edo errenta aseguratu baten artean aukeratu ahal izango duzu.
  • Kapitala eta errenta: kapitalaren zati bat eskuratu eta gainerakoarekin errenta bat kontratatu ahal izango duzu.
  • Librea: periodikotasun erregularrik gabeko ordainketak.

Likidezia leiho berria: gutxienez 10 urteko antzinatasuna daukaten ekarpenen likidezia

Prestatu den likidezia leiho berria, berez, 10 urtetik gorako eskubide kontsolidatuak edo ekarpenen hornidura matematikoa eta horiei dagozkien etekinak erreskatatzean datza (arrazoia justifikatu beharrik gabe). 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenago formalizatutako pentsio plan eta APAei egindako ekarpenei dagokienez, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egin ahalko da erreskatea.

Egungo araudiaren arabera, 20105eko urtarrilaren 1etik aurrera, sistema indibidualeko eta elkartuko pentsio planetako partaideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute gutxienez hamar urteko antzinatasunez egindako ekarpenen eskubide kontsolidatuen zenbatekoa. Eskubide kontsolidatuak jasotzea, kasu honetan, bateragarria izango da gertagarriak diren kontingentzietarako pentsio planei ekarpenak egitearekin. Enplegu sistemako pentsio planetako partaideek, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxienez hamar urteko antzinatasunez egindako enpresa ekarpen eta kontribuzioei dagozkien eskubide kontsolidatuak eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta konpromisoan hala aurreikusia badago eta planaren espezifikazioek hala xedatzen badute, espezifikaziook ezartzen dituzten kasuan kasuko baldintza eta mugekin.

Azkenik, legegilearen arabera salbuespenezko tratamendua merezi duten bi kasu ere badira, non eskubide kontsolidatuak likido egitea onartzen baita. Hona hemen kasu biok:

  • Gaixotasun larria
  • Iraupen luzeko langabezia

Badago beste kasu bakar bat zeinean partaideak bere pentsio plana eskura dezakeen, eta 2015eko maiatzaren 15era arte baino ez da indarrean egongo. Partaideek diru bihurtu ditzakete beren eskubide kontsolidatuak, baldin eta beren ohiko etxebizitzaren hipoteka betearazteko prozedura batean sartuta badaude. Eskubide kontsolidatuak bide honen bitartez eskuratzeko bete beharko diren baldintzak Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legean arauturik daude. Salbuespenezko likidezia kasuak xehe-xehe arautu dira. Horien aplikazioaren termino konkretuak zein diren uneoro jakiteko, derrigorrez jo beharra dago pentsio planaren araudira.

Goiena Aseguruetakook espezialistak gara bizi, aurrezki eta inbertsio aseguruetan; hori dela eta, kontratazio bat egin aurretik, aurreikuspen eta pentsio planen ezaugarriak ezagutzea gomendatzen dizugu, eta, hola, zure etorkizuna planifikatzen lagunduko dizugu.