AURREIKUSPENA ETA PENTSIOAK

Herritarren artean, gero eta kezka handiagoa dago erretiroan diruz behar bezain lasai ibiliko ote diren; hala ere, epe luzera gutxi aurrezten da oraindik.  Horixe da Aviva Institutuak egindako ‘Los ciudadanos ante el ahorro y la jubilación’ azterlanaren bigarren ediziotik ateratzen den konklusio nagusia. Azterlan horretan, erretiroari, aurrezpenari eta behin lan merkatua utzitakoan herritarrek izango duten bizi mailari buruz dauden pertzepzioak analizatu dira. Garrantzitsua da aurreikuspenari eta pentsioei buruz hausnartzea.

Zer-nolako gizarte aurreikuspenak dauden erretiro arloan?

Gizarte aurreikuspen publikoa (Gizarte Segurantza izenekoa)

Batez ere erretiro, ezintasun eta heriotzagatiko pentsioak ematera orientatuta dago. Zenbait kolektibotan, funtzio horiek lanbide aurreikuspeneko planen esku uzten dira (esaterako, profesionalen elkargoen mutualitateetan; horien artean: abokatutza, medikuak, etab.).

Gizarte aurreikuspen pribatua

Ekarpen ekonomikoekin elikatutako borondatezko aseguramendu eta aurrezpen sistemen bitartez, pentsio publikoen sarrerak osatzeaz arduratzen da. Ekarpen horiek bi motatakoak izan daitezke:

Enpresarenak

Enpresek, batzuetan, beren enplegatuentzat egiten dituztenak (enplegu planak, enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak, enpresako gizarte aurreikuspen planak, etc).

Banakakoak

Herritarrok egin ditzakegunak, honako hauen bitartez:

  • BGAE (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak)
  • BPP (Banakako Pentsio Planak)
  • APA (Aurreikuspen Plan Aseguratua)
  • Erretirora orientatutako aurrezki aseguruak (ASBP, Unit linked, ELBBA, etab.).

Jendartean, gizarte aurreikuspenaren inguruko kezka nabarmen handitu da, azken hamarkadetan izandako aldaketa sozial eta demografikoen garapenari jarraituz. Adituen artean zabalduta dagoen iritziaren arabera, kontsumitzaileek aurrezki eta erretiro produktuei buruz daukaten ezagutza maila ez dator bat datozen urteetan produktu horiekiko egongo den premia mailarekin eta erabilera mailarekin.

Zer da erretiro plan bat?

Aurreztu eta zure erretiroa aseguratzeko soluzio bat da. Hala, egiten dituzun ekarpenen gaineko errentagarritasuna lortuko duzu eta, erretiratzeko unea iristen denean, errenta gisa, ordainketa bakar batean edo bestela formula biok uztartuta berreskuratu ahal izango duzu metatutako kapitala.

Zergatik eduki halako plan bat?

Halako planak soluziorik fidagarriena dira erretiroari begira bide pribatutik kapital bat eratzeko eta pentsio publikoa osatzeko, gure bizi maila bermatu eta etorkizunean inoren mende ez egoteko. Gainera, bizi itxaropena gero eta luzeagoa denez gero, zenbat eta lehenago hasi gure erretiroa planifikatzen orduan eta txikiagoa izango da egin beharreko ahalegina, eta handiagoa, berriz, metatutako kapitalaren errendimendua.

Erretiroa: inbertsio bat zure familia aurrekontuaren barruan.

Erretiroaren plangintza ekonomikoaren oinarrian, gure beharren etengabeko analisiak egon behar du, eta analisi hori dezenteko maiztasunez egin behar dugu. Horrek hala behar du zeren eta gure baldintzatzaileak aldatuz doaz, eta horiekin batera, helburuak, sarrerak eta gastuak ere aldatu egiten dira nabarmen; hots, gure sarrera eta gastuen aurrekontuaren barruan egon behar dute.

Gure pentsioa osatzera bideratzen duguna beste gastu bat balitz bezala hartu behar dugu kontuan, hilero-hilero ordaindu beharreko obligazio bat balitz bezala, faktura, aseguru eta zergekin parekatuz. Hori hola egiteak berekin ekarriko du:

  • Obligazioz, diru bat gure erretirora bat bideratzen ibiltzea.
  • Hori modu dinamikoan egitea, ekarpenak maximizatuz ahal denean eta txikituz ezusteko gasturen bat dugunean edo familia egoera aldatzen denean (lana galtzea, ume bat jaiotzea…)

Kontuak hola, gure erretiroa osatzeko dirua jar dezakegula erabakitzen badugu, ez diogu gure ahaleginaren emaitza aztertzeari utziko; hau da:

  • Zer kapital eratu dugun dena delako unera arte
  • Kapital horrek zer errendimendu sor litzakeen
  • Zer zenbateko falta den ezarritako helburua betetzeko

Aurrezpen helburu bat ezarri

Ezarritako aurrezpen helburua, berez, metatutako bizi mailaren mende egongo da, ahaztu barik planifikatuta dauzkagun gastu esanguratsuak eta etorkizuneko kontingentzia handietarako –mendekotasuna, adibidez– portzentaje bat. Helburu hori, ekarpenekin ez ezik, ekarpenok sortzen duten errentagarritasunarekin ere lortzen da.

Zure erretiroa prestatzeko behar duzun denbora planifikatu

Aurrezteko ahalmenak –hots, behin oinarrizko gastuak eginda dirua edukitzea eskuragarri– zehazten du noiz hasi gaitezkeen gure pentsioa modu pribatuan osatzen. Hori dela eta, zenbat eta lehenago egin, hobe, nahiz eta zenbateko txikia izan. Aurreikuspenerako produkturen baten alde egin behar dugu, arrazoi hauek tarteko:

  1. Epe luzera begirako produktuak dira.
  2. Lehenengo ekarpenetik sor dezakete errentagarritasuna.
  3. Arrisku handiagoko produktuak hautatzeko aukera ematen dute, bereziki produktuaren lehen bizi urteetan.
  4. Azken kapitalean helburu bera lortzeko, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta gutxiago ordaindu beharko duzu urtean.

Laburbilduz, erretiratzeko 30 urte edo gehiago gelditzen zaizunean hasten bazara aurrezten, urtero egin beharko duzun aurrezpen ahalegina txikiagoa izango da aurrezten hasteko data atzeratuta baino; aurrezkiak zenbat eta luzaroago metatuz joan, orduan eta errentagarritasun handiagoa, produktu gehiagoren artean aukeratu ahal izango duzula ahaztu gabe.

ARRISKU PROFILA

Eskuragarri dauden aukerak gure arrisku profilarekin kontrastatu behar ditugu beti. Arrisku profilak zehazten du inbertsioetan izan daitezkeen galerak jasateko nolako gaitasuna eta nolako jarrera daukagun. Galerarik edukiko ez badugu, nahiz eta behar baino askoz lehenagotik hasi aurrezten, soilik gure kapitala bermatuko duten produktuen alde egin beharko dugu. Toleranteagoak bagara eta epe luzea badaukagu, arrisku handiagoko produktuen aldeko hautua egin daiteke.

Errentagarritasuna eta segurtasuna

Inbertsioen errentagarritasuna oso lotuta dago arriskuaren kontzeptuarekin, eta alderantziz. Egoera normalean, zenbat eta arrisku handiagoa onartzeko prest egon, orduan eta errentagarritasun handiagoa lor daiteke; hala ere, galera potentzialak ere handiagoak izango dira.

Jar dezagun burtsa adibide gisa. 20 urterako errentagarritasuna aztertzen badugu eta urtez urteko kalkulua egiten badugu, segurutzat jotzen diren beste aktibo batzuk –esaterako banku gordailu bat– gaindituko ditu. Baina denbora laburrago baterako inbertitzen baduzu, adibidez, bost urterako, eta berriki bizi izan dugun finantza krisiaren antzeko bat egokitzen bazaizu, orduan galerak izango dituzu. Hau da, inbertsio epe luze bat edukitzeak aukera emango digu arrisku handiagoko inbertsioen aldeko apustua egiteko.

Inbertsioa erretirorako gelditzen zaizun denborara egokitu

Erretiratzeko unea gerturatu ahala, metatutako aurrezkia babestu egin behar da, kontsolidatu, arrisku txikiagoko produktuak aukeratuz. Helburua zera da: galerak izateko aukerak murriztea –eta are ezabatzea–, erretiroa prestatzeko urteetan aurreztutako eta irabazitako guztia aseguratzeko.

Ildo horretan, pentsio planen eskubideen mobilizazioa lagungarri gerta dakiguke. Nahi adina aldiz alda ditzakegu planak, zergak ordaindu beharrik gabe. Esate baterako, erretiroa hartzeko oraindik urte asko gelditzen bazaigu, burtsan inbertitzen duten planak hauta ditzakegu, errentagarritasun handiagoa izaten saiatzeko; eta handik urte batzuetara, berriz, arrisku txikiagoko produktu batera alda ditzakegu eskubideak, gure aurrezkiak arriskuan jarri barik eta kobratzeko unea iritsi arte zergarik ordaindu beharrik gabe.

Nola kobratu behar dut?

Pentsio planak finantza produktuak dira eta, berez, helburu finalista bat daukate, alegia, kapital bat eskuratzea kapital hori sorrarazi zuen egoera objektibora iritsitakoan: eerretiroan edo pareko batean (kaleratze objektiboagatik edo enplegatzailearen desagerpenagatik lana modu ez-boluntarioan uztearen ondoriozko erretiro aurreratua). Badira beste bi gertaera objektibo kobratzera daramatenak: ezintasuna eta onuradunaren heriotza. Azken kasu horretan, eskubideak oinordekoei eskualdatzen zaizkie.

Hori dela eta, erretirorako produktu pribatuak, hala nola banakako pentsio planak (BPP) eta aurreikuspen plan aseguratuak (APA) ilikidoak dira (erabilezinak). Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) kontuan hartzen dituzte gizarte aurreikuspeneko planetara egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoak, hamar urtetik gorako antzinatasuna badaukate.

Baina, era berean, aipatzeko modukoak dira salbuespenezko kasu batzuk non posible den erretiroaren aurretik kapitala eskuratzea, alegia:

  • Iraupen luzeko langabea bazara, izena behar bezala emanda badaukazu eta ordaindutakoaren araberako prestaziorik kobratzen ez baduzu.
  • Gaixotasun larri bat badaukazu eta, hori dela-eta, ezintasun iraunkorreko –ezintasun horren maila edozein dela ere– prestaziorik jasotzen ez baduzu.
  • Halaber, 2017ko maiatzera arte luzatu da etxegabetze kasuan erreskatatu ahal izatea, baldin eta, pentsio planean jarritako zenbatekoei esker, zorra ordaindu eta etxegabetzea geldiarazi ahal bada.

Azkenik, 2015eko urtarrilean egindako aldaketa baten arabera, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta zenbait baldintzaren pean, BPP (Banakako Pentsio Planak) eta APAetan ere (Aurreikuspen Plan Aseguratuak) 10 urteko antzinatasunetik gorako ekarpenak erreskatatu ahal izango dira (aurrezki planean ezarritako espezifikazioen arabera).

FISKALITATEA

Zer abantaila fiskal edukiko ditut pentsio plan, BGAE (Euskal Autonomia Elkartea) edo APA bati ekarpenak egiteagatik?

Pentsio plan, APA eta BGAEei egindako ekarpenak kengarriak dira Pertsona Fisikoen Errenta Zergaren (PFEZ) oinarrian, muga absolutuekin eta zure errendimenduen bolumenaren arabera, edo, hala badagokio, zure ezkontidearen errendimenduen arabera (lan edota jarduera ekonomikoena).

Hala ere, urteko muga batzuk daude autonomia erkidego bakoitzaren eta probintziako diputazio bakoitzaren arabera. Muga hori zenbatzeko, gizarte aurreikuspeneko sistema guztietara egindako ekarpenak hartuko dira kontuan (banakako pentsio planak eta enplegu planak, APAk, BGAEak, etab.).

  • Euskal Autonomia Erkidegoa. Ekarpenen muga partaideko: 5.000 euro.
    Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.400 euro.
  • Lurralde komuna. Ekarpenen muga partaideko: 8.000 euro.
    Murrizketa muga: errendimenduen %30.
    Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.500 euro.

KOBRAKETA

Kontua da sortu dugun dirua laneko edo jarduera profesionaleko errendimendu bat balitz bezala berreskuratzea. Horrek esan nahi du zergak ordainduko ditugula.

Aurreztutako dirua kobratzeko modu desberdinak daude: dena kolpetik kobratzea (kapitala), zatika kobratzea (errenta), edo modu mistoan (zati bat kapital bidez eta beste zati bat errenta bidez). Errenta izan daiteke edo aldi baterako (amaitzeko data jakin batekin) edo biziartekoa (onuraduna hil arte).

Zer kapital jasoko dut noiz hasi naizen aurrezten kontuan hartzen badugu?

Erretiroa urrun ikusi arren, planifikatzen hasteak eta horretara dirua lehenbailehen bideratzeak munta handiko helmugak errazago lortzen lagunduko digu. Esaterako, hilean 100 euro inbertitzen badugu urteko –batez beste– %5eko errentagarritasuna daukan pentsio plan batean, emaitza oso desberdina izango da 30, 40 edo 50 urterekin hasi:

  • 30 urterekin, 37 urte falta dira erretiratzeko. Azken kapitala: 128.050 euro.
  • 40 urterekin, 27 urte falta dira erretiratzeko. Azken kapitala: 68.318 euro. Hasteko adina 10 urte atzeratzeak %47 gutxiago jasotzea dakar.
  • 50 urterekin, 17 urte falta dira erretiratzeko. Azken kapitala: 32.052 euro.

NOLA AUKERATU PRODUKTURIK ONENA

Produktu optimoaren aukeraketan hainbat aldagaik eragiten dute:

  • Kontratatzailearen profila (kontserbadorea, neurritsua edo agresiboa).
  • Fiskalitatea.
  • Likidezia beharrak.
  • Merkatuen egoera.

Parametro horiek guztiak baloratzen laguntzeko, profesional baten aholkularitza edukitzea gomendatzen dugu.