BPPa (Banakako Pentsio Plana) aurrezpen tresna bat da, eta erretiro pentsioa osatzea du xede. Pentsio planak, berez, aurrezpen formula pribatu eta borondatezko bat dira, eta inondik inora ere ez dituzte pentsio publikoak ordezten.

Zure erretiroa garrantzizkoa eta kezkarik gabe bizitzekoa baita.

Pentsio plan bat, izatez, eroso aurrezteko aukera emango dizun produktu bat da, legeak ezarritako kontingentzietan kapital bat edo errenta bat erabilgarri izan dezazun; kontingentzia horien artean: erretiroa, ezintasun iraunkor osoa, mendekotasun larria edo mendekotasun handia eta heriotza; likidezia kasu gehigarriez gainera (gaixotasun larriak, iraupen luzeko langabezia eta etxebizitzaren enbargoa).

Pentsio funtsa, berriz, ondare independente bat da, planari egindako ekarpenekin eratzen dena eta xede esklusibo hau duena: atxikitako pentsio planak betetzea. Ondare hori aktiboetan inbertitzen da etengabe, funtsaren inbertsio politikarekin bat etorriz.

Plan bakoitzak zein aktibotan inbertitzen duen kontuan hartzen badugu, pentsio planak honelaxe sailkatzen dira (iturria: Inverco):

  • Errenta aldakorra
  • Aldakor mistoa
  • Errenta finko mistoa
  • Epe luzerako errenta finkoa
  • Epe laburrerako errenta finkoa
  • Bermatuak

Planon etekinak ia-ia seguruak dira, baita inbertsio politikan lerro agresiboagoa bilatzen dutenak ere, errentagarritasun handiagoa ematea helburu.

Nik nahi dudan zenbatekoa ekarri diezaioket pentsio planari?

Ekarpenak egiteko malgutasuna erabatekoa da:

Zenbatekoari dagokionez, partaideak ezarriko du kopurua, eta libre izango da aldatzeko.

Periodikotasunari dagokionez, aldizkako ekarpen gisa ezar daitezke, edo ohiz kanpoko eran egin, nahierara.  Era berean, edozein unetan eten eta berrezar daitezke. Hala ere, badira muga finantzario batzuk urteko ekarpenaren zenbatekoa mugatzen dutenak.

Muga hau batera aplikatzen zaie bai partaidearen zuzeneko banakako ekarpenei bai enplegu sistemako planen sustatzaileek beren langileen alde egindako kontribuzioei.

Modu osagarrian, muga finantzario hauek batera aplikatzen zaizkie pentsio planei, APAei, BGAEei eta gizarte aurreikuspeneko sistemei; horien artean: mutualitateei, mendekotasun aseguruei eta EGAPei (Enpresako Gizarte Aurreikuspeneko Planak).

Hala ere, muga hauen barruan ez dira aintzat hartzen pentsioengatiko konpromisoak instrumentatzen dituzten bizi aseguruei ordaindutako primak.

Dagoeneko erretiroa hartu badut, jarrai dezaket nire pentsio planari edo aurreikuspen plan aseguratuari (APA) ekarpenak egiten?

Bai, zure pentsio planari edo APAri ekarpenak egitearen abantaila fiskalei etekina ateratzen jarrai dezakezu. Planen baten prestazio osoa edo zati bat jaso baduzu, ondoren egingo dituzun ekarpenak heriotzara edo mendekotasunera bideratuko dira derrigorrez.

Estatuak aurrezpen pribatua sustatzen du; horretarako, abantailak aplikatzen ditu zenbait produkturi ekarpenak egiten zaizkionean. Hona hemen halako produktu batzuk:

  • Banakako Pentsio Planak (BPP)
  • Aurreikuspen Plan Aseguratuak (APA)
  • BGAE- Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (Euskal Autonomia Erkidegoa)

Araudi fiskalak aintzat hartzen du aurrezpen eta aurreikuspen formula horien garrantzia, aski mesedegarria den tratamendu bat arautuz. Tratamendu hori neurri hauetan islatzen da:

  • Pentsio planei egindako ekarpenentzat pizgarri fiskal bat onartzea.
  • Lan etekinagatiko zerga ordainketa kobratzen hasteko datara geroratzea. Zerga ordainketa, erretiro datatik aurrera, urtero efektiboki kobratutako zenbatekoei lotzea.

Ekarpenen araberako abantaila fiskalak

Lurralde komuna:

  • Ekarpenen muga: 8.000 euro.
  • Murrizketa muga: errendimenduen %30.
  • Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.500 euro

Euskal Autonomia Erkidegoa:

  • Ekarpenen muga partaideko: 5.000 euro.
  • Ezkontidearentzako muga (errendimendurik gabe edo 8.000 eurotik beherako errendimenduarekin): 2.400 euro

Prestazioen fiskalitatea

Iritsi da erretiroa hartzeko unea, eta iritsi da, baita ere, nire aurrezkia eskuratzeko unea. Dirua pentsio plan batean, aurreikuspen plan aseguratu batean (APA) edo BGAE batean (kapital gisa kobratzen bada eta lehenengo ekarpenetik 2 urte baino gehiago igaro badira, lan etekinari %40ko murrizketa aplikatzen zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmena) metatutako aurrezkitik badator, prestazioa jasotzea lan etekintzat joko da PFEZn eta hainbat modutara jaso ahalko da; hala ere, modu batera edo bestera jaso, inpaktu fiskala oso desberdina izan daiteke:

  • Kapitala: metatutako funts osoa izango duzu erabilgarri.
  • Errenta: zure beharretara egokituko den errenta bat kontratatzeko kapitala izango duzu. Kasu honetan, errenta finantzario baten edo errenta aseguratu baten artean aukeratu ahal izango duzu.
  • Kapitala eta errenta: kapitalaren zati bat eskuratu eta gainerakoarekin errenta bat kontratatu ahal izango duzu.
  • Librea: periodikotasun erregularrik gabeko ordainketak.

Likidezia leiho berria: gutxienez 10 urteko antzinatasuna daukaten ekarpenen likidezia

Prestatu den likidezia leiho berria, berez, 10 urtetik gorako eskubide kontsolidatuak edo ekarpenen hornidura matematikoa eta horiei dagozkien etekinak erreskatatzean datza (arrazoia justifikatu beharrik gabe). 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenago formalizatutako pentsio plan eta APAei egindako ekarpenei dagokienez, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egin ahalko da erreskatea.

Egungo araudiaren arabera, 20105eko urtarrilaren 1etik aurrera, sistema indibidualeko eta elkartuko pentsio planetako partaideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute gutxienez hamar urteko antzinatasunez egindako ekarpenen eskubide kontsolidatuen zenbatekoa. Eskubide kontsolidatuak jasotzea, kasu honetan, bateragarria izango da gertagarriak diren kontingentzietarako pentsio planei ekarpenak egitearekin.

Enplegu sistemako pentsio planetako partaideek, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxienez hamar urteko antzinatasunez egindako enpresa ekarpen eta kontribuzioei dagozkien eskubide kontsolidatuak eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta konpromisoan hala aurreikusia badago eta planaren espezifikazioek hala xedatzen badute, espezifikaziook ezartzen dituzten kasuan kasuko baldintza eta mugekin.

Azkenik, legegilearen arabera salbuespenezko tratamendua merezi duten bi kasu ere badira, non eskubide kontsolidatuak likido egitea onartzen baita. Hona hemen kasu biok:

  • Gaixotasun larria
  • Iraupen luzeko langabezia

Badago beste kasu bakar bat zeinean partaideak bere pentsio plana eskura dezakeen, eta 2015eko maiatzaren 15era arte baino ez da indarrean egongo. Partaideek diru bihurtu ditzakete beren eskubide kontsolidatuak, baldin eta beren ohiko etxebizitzaren hipoteka betearazteko prozedura batean sartuta badaude. Eskubide kontsolidatuak bide honen bitartez eskuratzeko bete beharko diren baldintzak Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legean arauturik daude. Salbuespenezko likidezia kasuak xehe-xehe arautu dira. Horien aplikazioaren termino konkretuak zein diren uneoro jakiteko, derrigorrez jo beharra dago pentsio planaren araudira.

Goiena Aseguruetakook espezialistak gara bizi, aurrezki eta inbertsio aseguruetan; hori dela eta, kontratazio bat egin aurretik, aurreikuspen eta pentsio planen ezaugarriak ezagutzea gomendatzen dizugu, eta, hola, zure etorkizuna planifikatzen lagunduko dizugu.