Ingurumeneko erantzukizun zibileko asegurua

Ingurumenarekin konprometituta

Ingurumeneko erantzukizun zibila 26/2007 Legean oinarritzen da batez ere. Erantzukizun zibil mugagabea da, eta baliabide naturalek izan ditzaketen kalteak premiazko neurriekin prebenitu eta, kaltea gertatuz gero, baliabide naturalak konpondu eta jatorrizko egoerara bueltatzeko betebeharra ezartzen du.

Edozein jarduera ekonomiko edo profesionalen titularrak bere gain hartu behar ditu prebentzio edo konponketa ekintza horien kostu guztiak. Erantzukizun administratibo bat da (administrazio publikoak exijitzen du), erantzukizun zibilaren osagarria.

Okerra da arrisku handiena soilik enpresa handiek sortzen dutelako ustea; izan ere, gerta liteke enpresa ertainek eta txikiek sortutako ingurumen kalteen konponketak enpreson ahalmen ekonomikoa gainditzea.

Aseguratutako kutsadura, berez, jarduerari edo instalazioari zuzenki egotz dakiokeen kutsadura da, istripuz eta ausaz gertatutakoa, hau da, ohiz kanpokoa eta nahi gabe eta inork onetsi gabe gertatutakoa.

Prebentzioa: ingurumen kalte bat gertatzeko arriskua hurbil denean, behar diren prebentzio neurriak hartzen dira kalte hori gerta ez dadin.

Egindako kaltea txikitzea: kalterik gertatuz gero, behar diren neurriak hartzen dira kalte handiagoak galarazteko, egina dagoen kaltea minimizatuz.

Konponketa: behin kaltea gertatuta, kaltetutako baliabideak leheneratzeko eskatzen da, honako kostu hauek asumituz: konponketa primarioaren, konpentsatzailearen eta osagarriaren kostuak. Ingurumena ezbeharra gertatu aurreko oinarrizko egoerara bueltatzeko hartutako neurriak estaltzen dira.

Garbiketa kostuak: lurzorua eta gainazaleko nahiz lurpeko urak saneatzeko eta sortutako hondakinak kentzeko kostuen ardura hartzen da.

Oinarrizko estaldura

Indemnizazioen ordainketa

Estaldura honek asegurudunaren erantzukizuna babesten du lurraren, uraren, itsasbazterraren eta basa eremu nahiz basa habitat babestuen ingurumen kutsadurak egindako kalteengatik:

  • Elementu naturalei egindako kalteengatiko indemnizazioak eta kalteon konponketa.
  • Kalte pertsonalengatiko indemnizazioak.
  • Elkarren segidako ondare kalte egiaztatuengatiko indemnizazioa.
  • Kalte materialak konpondu edo birjartzearen kostua.

Oker gaude uste badugu kaltea kutsaduraren ondorioz bakarrik gerta daitekeela; elementu naturalei eragindako edozelako kalte esanguratsua, ingurumen kaltea da:

  • Eremu naturalek su hartzea.
  • Istripuzko jatorria duen beste edozein arrazoi.

Florari eta faunari eragindako kalteen kasuan, espezieen sendaketa edo birjarpena bermatzen da; baita horiek bizi eta ugaltzeko behar diren baldintzak leheneratzea ere.

Defentsa eta fidantza zibilengatiko gastuak

Erreklamazioaren aurrean, asegurudunaren defentsa, aseguratzaileak kostu eta gastu judizialak nahiz judizioz kanpokoak bere gain hartuta.

Prozeduraren ondorio zibilak bermatzeko behar diren fidantza judizialak eratzea.

Hautazko estaldura

Erantzukizun zibil patronala

Enplegatuei kutsaduraren ondorioz eragindako kalteak direla-eta asegurudunari exijitu dakiokeen erantzukizun zibila; horien artean, enplegatuek izandako kalte pertsonalak eta beraien gauzek izandako kalte materialak.

Goienak zuretzat aukeratuko duen aseguru konpainia espezializatuak arriskuak kudeatzeko oinarrizko analisi bat eskainiko dio zure enpresari, lau garapen fase hauetan oinarrituz:

  • Enpresak zer arrisku dituen eta bere jardueraren ondoriozko erantzukizunak zein diren identifikatzea.
  • Identifikatutako arriskuek eragin ditzaketen kalteak eta galera ekonomikoak ebaluatzea, lehentasunak ezartze aldera.
  • Identifikatutako arriskuak ezabatu, gutxitu edo kontrolatzea, aurrez ebaluatutako kalte eta galerak minimizatzeko gomendioen bidez.
  • Aseguru plan baten bidez, ekitaldiko ustiapen kontua edo, are gehiago, enpresaren jarraitutasuna bera arriskuan jar ditzaketen arriskuak aseguratzea.

Aseguru enpresen batasunaren fruitu den Espainiako Ingurumen Arriskuen Pool-a arduratzen da polizak harpidetzeaz, horixe baita kutsaduragatiko erantzukizun zibilaren aseguruaren harpidetza egoki bideratzeko modua.