MAKINA ETA EKIPAMENDU ELEKTRONIKOETARAKO ASEGURUA

MAKINETARAKO ASEGURUA

Aseguru honen xedea honako hauek estaltzea da: industria bateko aparatu, makina, instalazio eta ekipamendu mekanikoen multzoari eragindako kalte materialak; makina indibidualek –estatikoak nahiz mugikorrak, berriak nahiz erabiliak– izan ditzaketen kalteak; energia sortu eta banatzeko makina eta instalazioei eragindako kalteak eta kontratistaren makinek eta ekipamenduek izandako kalteak. Aseguruaren xedea da enpresa batean jardunean dabiltzan makinek istripuz jasaten dituzten barne kalteak aseguratzea.

EKIPAMENDU ELEKTRONIKOETARAKO ASEGURUA

Honako hauek babesten ditu: datuak prozesatzeko ekipamenduak, ordenagailu pertsonalak eta horien periferikoak, monitoreak, inprimagailuak, eskanerrak, datu sareen zerbitzariak, makina eta robot industrialen komando elektronikoko ekipamenduak, irratia, telebista, elektromedikuntza, diseinu grafikoa, fotokopiagailuak, faxak, etab.

Ekipamendu elektronikoetarako aseguruak estaldura ematen die aseguratutako ondasunek istripuz jasandako zuzeneko kalte materialei.

Makina eta ekipamendu elektronikoetarako aseguruari dagokionez, oinarrizko estaldura, estaldura zabala eta berme osagarriak bereizten dira.

OINARRIZKOA

Kanpo kalteak

Kanpoko arrazoi bat-bateko eta bortitz batek eragindako istripu baten ondorioz aseguratutako makinek jasaten dituzten zuzeneko kalte eta galera materialak. Istripua eragin duen jatorria hauxe izan daiteke:

  • Sutea, leherketa, tximistaren zuzeneko inpaktua eta suteak itzaltzea.
  • Lapurreta eta espoliazioa.
  • Lur hondoratzeak edo lur jausiak, uholdeak, elurra, haizeteak.
  • Hirugarrenen asmo gaiztoko ekintzak, izaera politiko-sozialik ez dutenak.
  • Objektu mugikorren inpaktuaren ondoriozko kolpeak, iraulketa, erorketa eta talkak.

Gastu gehigarriak

Berme hau sartuta, ezbehar batean kaltetutako ondasunak konpondu edo birjartzeko aparteko orduetan, igandeetan, jaiegunetan eta gauez egin behar izan diren lanak indemnizatzen dira.

Indemnizazioan sartzen dira matxuratutako ekipamenduaren ordezko piezen garraio gastuak, larrialdiko tarifekin.

Negozioa etetea

Estaldura honen bidez, enpresaren emaitzen kontuko gastu iraunkorrak edo marjina gordina babesten da, ezbehar baten ondorioz jarduera gelditzen bada eta espero zen fakturazioa lortzen ez bada. Estaldura indarrean dago harik eta espero den negozio bolumen normala berreskuratzen den arte.

Salgaiak hondatzea

Kontratatuz gero, aseguruak babestu egiten du hotz ganbera baten hotz makinan izandako matxuraren ondorioz bertan biltegiratutako salgaien hondatzea.

ZABALA

Datuak prozesatzeko ekipamenduetarako gastu gehigarrien estaldura

Estaldura honen bidez, ezbehar baten ondorioz asegurudunak bere jarduerarekin jarraitzeko alokatu edo erabili beharreko ekipamenduak ordaintzeko gastuak indemnizatzen dira.

Ezbeharrean kaltetutako euskarri magnetikoetako datuak berriz eskuratu eta berriz inprimatzeko gastuak.

Berme osagarriak

  • Indemnizatu egiten dira, baita ere, lokal inguruan edo asegurudunaren ekipamendu gelan izandako istripu baten eraginez ordenagailu gelara sartu ezinda gelditu eta asegurudunak beste ekipamendu batzuk alokatu eta erabiltzeko ordaindu beharreko gastuak.
  • Ezbehar baten ondorioz ekipamendu bat alokatzeko kontratua edo leasinga indargabetzen bada, antzeko ekipamendu bat alokatzeko kontratuaren edo leasingaren kostuaren eta aurrez izenpetutakoaren arteko diferentzia indemnizatzen da.
  • Ezbehar indemnizagarritzat jotzen da energia elektrikoaren hornikuntza publikorik eza, baldin eta hori istripu baten ondorioz gertatu bada eta aseguratutako ekipamenduaren operazioak eten badira, beste ekipamendu batzuk alokatu eta erabiltzeko gastuak sortuz.
  • Lur, itsaso edo aire bidezko garraio unitate mugikorretan jarritako edo bertan garraiatutako ekipamendu elektronikoek ere badaukate aseguru honen estaldura.